You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

205. Aretoa

Espazioa ezagutzetik hura zalantzan jartzera

Nola bilakatu zen espazioa, definizioz ikusezina den entitate hori, arte abstraktuaren funtsezko gai, bereziki eskulturan? Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza artistak giltzarri izan ziren euskal modernotasunean; izan ere, beste mugimendu garrantzitsu batzuek, Espazialismoak edo Zero mugimenduak, antzeko gaiak esploratzeko estrategia propioak proposatzen zituzten une berean, artista euskaldun horien lanek nazioarteko aintzatespena jaso zuten. Espazioaren ikerketa artistikoa gerrarte-garaiko abangoardia historikoekin hasi bazen ere, 1950eko hamarkadako proposamen poskonstruktibistekin hartu zuen tankera esplizitua, eta “kokapen espezifikoko” praktikekin heldu zen punturik gorenera 1960ko hamarkadaren bukaeran eta 1970ekoaren hasieran. Gizakia Ilargira heltzea —Lucio Fontana eta beste artista asko gogotik kendu ezinik zebiltzan gertakizun horrekin—, 1968an 2001: A Space Odissey filma estreinatzea eta handik gutxira Arte eta espazioa liburua argitaratzea gertakizun esanguratsuak dira, eta garai hartako kulturan joera espazial bat adierazten dute, Italo Calvino-ren Le cosmicomiche (1965) edo Georges Pérec-en Espèces d’espaces (1974) testuek bezalaxe. 

Chillidaren lanen hautaketarekin batera, areto honek arte garaikidearen aurrendari handien obrak biltzen ditu —Fontana, Oteiza eta Naum Gabo-renak, adibidez—, bai eta haien artelana ikerketaren ildotik bideratzen dutenenak ere —Agostino Bonalumi, Sue Fuller eta Norbert Kricke, esaterako—. Gainera, 1960ko hamarkadaren erdi eta bukaera aldera gertatu zen abstrakzio-hizkuntzaren berritzea ikusarazten diguten hainbat sorkuntza-lan ere eskaintzen dizkigu aretoak; horien artean Eva Hesse-ren lana nabarmentzen da, dozena bat “estudio- -pieza”rekin, edo oraindik ere jardunean diharduen Anna Maria Maiolino brasildarrarena. Arte kontzeptualaren eta “kokapen espezifikoko” esku-hartzearen aurrendarien belaunaldia ere areto honetan dago, Gordo Matta-Clark eta Lawrence Weiner-en lanekin.

206. Aretoa

Hutsaren anbiguotasuna

Globalizazioa Espazioko lasterketa normalizatzen zen heinean hedatu zen. 1970eko hamarkadaren erdialdetik 1990ko hamarkadan aro digitala hasi arte, abstrakzioaren zilegitasuna zalantzan jartzen zuten proposamen artistikoak bost kontinenteetan ugaritu ziren. Zaila da jakiten forma baten inguruan hitz egiteak ote dakarren hura inguratzen duen eta existitzeko aukera ematen dion hutsaren inguruan mintzatzea; zaila da jakiten zeru-sabaia ez ote den azalera beltz bat, esmalte zurizko zipriztinekin. Hemen hautatutako lanek ibilbide sigi-sagatsua proposatzen dute, espazioaren oinarrizko anbiguotasunean zehar. 

Denbora-tarte hartako artista batzuek abstrakzioaren tradizio plastikoari ekin zioten berriro haien hastapenetan, edozein formulaziotan: konstruktibista, neokonkretua, minismalista; halere, ez zuten onartu haien praktika korronte edo mugimendu zehatzei lotuz hura etiketatzerik. Waltercio Caldas, Mary Corse, Robert Gober edo Prudencio Irazabalen lanetan, materia plastikoak topaketak sorrarazten ditu ispilatzearen mugan; artean, Vija Celmins-en lanak zeruaren edo ozeanoaren azalerak ikertzen ditu, perspektibaren eta eskalaren ezabatzea bilatu nahian. Celminsen koadroaren eta General Idea arte kolektiboaren Arbela lanaren arteko topaketak figurazioaren eta readymadearen arteko muga nabarmentzen du. Bestalde, hemen aurki ditzakegun Isa Genzken eta Zarina-ren piezetan, agerikoa zaigu maketaren eta zatiaren arteko tentsioa, aurkitutakoaren eta eraikitakoaren artekoa. Susana Solanoren kasuan, “muino huts” baten ideiak barrualdeari lotutako motiboak —ganga edo sotoa, esaterako— lotzen ditu kanpoaldearekin lotutako motiboekin —bailara edo alderantzikatutako mendi batekin, adibidez—.

207. Aretoa

Aldakuntzak

Azken hamarkadetan, espazioaren alderdiak airea eta gure etxebizitzak zeharkatzen dituzten datuak bezain ugari eta ukiezin bilakatu dira. Hiriak bertikalki hazi ahala, transmisio eta sareek airea trinkotzen dute. Objektuen mundua urrun geratzen da, haren irudikapenen mesedetan. Egungo arteak kitzikagarria bezain konplexua den egoera horren berri ematen du: gauzen eta horiek ezkutatzen duten memoriaren arteko loturak berrezartzea du helburu, orainaldiaren arkeologia eginez, nolabait esatearren; orainaldiaren metaforfosi, konbinazio eta leku posibleak esploratzen ditu. 

Areto honetan ikusgai dauden artelanetan agerikoak dira plano materialean ematen diren gorabeherak, bai eta plano kontzeptualean gertatzen den espekulazio erradikala. Ángela de la Cruz-en lanean etengabe aldatzen dira mihiseak; aitzitik, Jean-Luc Moulène-k material oro bereizi gabe erabiltzen du, eta bere eskulturetan talka egiten dute topologiari, politikari eta historia kulturalari dagozkien nozioek. Sakontasun topologiko berberaz, baina ikuspegi zientifiko esplizituago batekin, Alyson Shotz-en artelanek saiakera egiten dute fisikako hainbat fenomeno nabarmentzeko; adibidez, espazio-denboraren ondulazioa edo partikulen korapilatzea. Artean, Agnieszka Kurant-ek bere meteoritoen lebitazio harrigarria darabil, Marcel Duchamp-ek 1919an Air de Paris lan enblematikoan airea botilaratu zuenetik horrek duen balio artistikoaren eta gaur egungo higiezin-ekonomian hark duen balioaren bat-egitea iradokitzeko. Hautatutako Pierre Huyghe eta Asier Mendizabal-en lanetan, hutsa eta memoria bi motatako eragiketatan nahasten dira. Edonon instalatzen dela ere, Huygheren Denboraren zaindaria lanak espazio hori zulatzen du, eraldaketa eszenografikoen historia agerrarazteko. Bestalde, Mendizabalek Agoramakia (edo hutsarekin borroka) gai oteizarra hartu zuen abiapuntu, eskultura-gorputzaren egoera desberdinak aztertzeko: hemen etzanda ageri da, eta bere forma osoan, zutunik, berriz, Museoaren 201. aretoan.

209. Aretoa

Atomoen artean

Espazio hutsaren kontzeptua mundu osoko antzinako filosofia ugaritan ageri da. Mendebaldeko zientziaren garapenean eragin handiena izan duena, ziur asko, atomismoaren doktrina izan da, Leuzipo, Demokrito eta Epikuro filosofo greziarrek sustatua. Haiei esker, gauzak solido itxuraz baino ez direlako ideia sortu zen imajinario kolektiboan, partikula banaezin edo atomo ugariz osatuta baitaude, hutsak bereizten dituen atomoz. Erakusketako lehen hiru aretoetako multzokatze kronologikoekin hautsiz, gune honek hainbat belaunalditako artisten obrak aurkezten ditu; atomizazioa, materiaren hedapena, zirrikituetan dagoena eta oso txikia dena dute ardatz lan guztiek.

202. Aretoa

Mugitu gabeko bidaiak

Desplazamenduaren ideia —eta, beraz, bidaiarena— espazioaren gaineko gure nozioaren baitan dago, ez baitugu espazioa ulertzen mugimendurik gabe. Robert Smithson-ek begitazioz sortu zuen “ispilu-bidaia” (mirror travels) terminoa, Mexikoko Yucatan estatuan zehar egindako bidaian osatu zituen konposizio efimeroak zirela-eta. Halaber, bidaia eta islaren nozioek bat egiten dute areto honetan, elkarri aurre egiten dioten Olafur Eliasson-en bi piezaren bidez: bata iparrorratza da, aretoaren ipar-hegoaldea ardatzean kokatzen baita magnetikoki; besteak bere inguruko irudia biderkatzen du eta, ilargialdi baten antzera, hertsatu egiten du progresiboki. Aretoaren beste aldean dago Ernesto Netoren Burbuila zuria, kanpoaldea ahantzarazten digun gune barneragarri eta mugikorra, amaren barnera itzuliko bagina bezala. Azkenik, bi denbora-markatzaile daude aretoaren albo banatan: David Lamelas artista kontzeptualak Artea eta espazioa liburua argitaratu zen urte berean gauzatutako bideo-inkesta bat, eta Nobuo Sekine-k altzairu eta urez egindako eskultura, 1969an hasi eta ordutik hamaika aldaera jasandakoa.

203. Aretoa

Leku agorrezinak

Heidegger-ek Artea eta espazioa liburuan idatzi zuenez, “Ikasi egin beharko genuke onartzen gauzak berak direla lekuak eta ez direla leku bateko soilik”. Areto honetan ezinezko hiru leku daude. Cristina Iglesias-ek abegi ona eta babesleku intimoa eskaintzen dizkigu bere eskulturetan; alabastrozko eskultura da oraingoan, mineralik abegikorrena izan litekeenarekin egindakoa, alegia. Richard Long-en Bilboko zirkulua arbel-zatiz osatua dago, eta erritual-gune bat dakarkigu gogora, harrespila bat edo komunitate ikusezin bat ordezkatzen duen zirkulu bat akaso. Lee Ufan-entzat, berriz, gogoaren, gorputzaren eta munduaren bibrazioak trazu forman jasotzen dituen eszena da mihisea.

208. Aretoa

Markotik murrura, espazio itxia

Chillida “mugen zurru-murruaz” mintzo zen eskulturaren alorrean. Murruak eta mugak dira, izan ere, espazioaren funtsezko elementuak. Pentsa dezakegu gure planeta muga-sare erraldoi bat dela, gure gorputzak mintz-pilaketa bat, bata bestearen barruan sartuta. Azken aldian, artelanak bere burua berrestea bilatu du, geometria zorrotz bati esker itxitako “marko” propio eta autonomo baten baitan. 1970eko hamarkadan, hainbat instalazio proposatu zituen Bruce Nauman-ek, gune anomalo eta deseroso baten bidez ikusleak bere gorputzaren gainean zeukan pertzepzioan errotik eragiten zutenak; Argi berdeko korridorea dugu horren adibide. Halako sentsazioekin jolasteko, bideoak ere sortu zituen, aktoreei emandako argibideetatik abiatuta. Hamarkada berean, Robert Motherwell pintorea —Espresionismo Abstraktuaren irudi handienetakoa— kolore-eremu zabalak lauki apalekin markatzen hasi zen, eta horien bitartez erreferentzia egiten zion koadroak munduko leiho gisa izan zuen antzinako funtzioari. Beranduago, Peter Halley-k gela leitmotiv bilakatu zuen, modernotasun artistiko nahiz arkitektonikoak geometriarekiko duen obsesio larria agerian uzteko; “sare-formako” obsesioa da, lehen artista kontzeptualetako askok, Sol LeWitt-ek kasu, xehetasunez esploratu zutena eta Iván Navarro artista txiletarrak berriz hartu duena bere neoizko tuneletan, koadro abstraktuak bezain helezinetan. Matt Mullican-en lanik enblematikoenen artean dago zutoihal abstraktuen seriea; horiekin, agentzia eta korporazio handiek kontrolatutako gizartearentzako ikonoak proposatzen ditu.

201. eta 204. aretoak, Atrioa eta kanpoaldea

Artea eta espazioa erakusketa dela-eta, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako hainbat artelanek gune desberdinak hartuko dituzte, bigarren solairuko aretoez gain. Atrioan eta Museoaren kanpo-terrazetako batean, esaterako, Eduardo Chillidaren bi eskultura handi jarriko dira: Espazioari aholkua V (1993) eta Besarkada XI (1996). Era berean, Atrioan eta bigarren solairuko guneen artean Sergio Pregoren Diedroen segida (2007) lanaren osagai batzuk ere egongo dira ikusgai, haren maketa eta bozetoekin batera; artistak 2007an Guggenheim Bilbao Museoarentzat berariaz egindako gailu robotikoa da hori.

Agoramakia (estatuaren kasu zehatza) lanaren bi bertsio aurki ditzakegu Artea eta espazioa erakusketan. 201. aretoak obraren bertsio osoa hartzen du, zementuzko idulkiarekin eta artistaren saiakera bat hartzen duen poster batekin; azken horretan, Jorge Oteizaren azken eskultura (forma aldetik Agoramakia gogorarazten duena) ekoizterakoan jazotako gorabeherak azaltzen ditu Mendizabalek.

Bere aldetik, Marcius Galan artista brasildarrak zuzenean esku hartzen du aretoaren horma, zoru eta sabaian, hainbat tindu eta argi-jolasen bitartez; hala, arkitektura diagonalean ebakitzen duen kristalaren ilusioa sorrarazten du.

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean